Hemen duzue Iruñeako Euskalerria irratirako prestatutako beste kolaborazio bat. (Audioa)
"Nevada Estatu Batuetako hego mendebaldean kokatua dago; Iparraldean Idaho eta Oregon estatuak ditu, Californiak mendebalde osoa eta hegoaldearen tartetxo bat hartzen du, beste tartetxo bat Arizonarendako da eta mendebaldean Utah estatu karratua dago. Karratua diot, geografikoki duen itxurarengatik eta baita mormoien estatua delakoz. Mendetan barna, Nevadara euskalherritar asko lanera etorri izan dira eta haiei esker, Nevadako unibertsitateak euskal ikasketen inguruko saila edo departamentu bikaina du. Aurtengo irakasle bisitaria, Joseba Agirreazkuenaga historialariak antolatutako “Sistema Fiskala eta Krisialdia” kongresua burutu zen aurrekoa astean, hementxe, Renoko unibertsitatean bertan. Hortaz, munduan barna sistema fiskal bereziak dituzten estatu eta herrialdetako adituak hiru egunez gure artean izan genituen. Nevada, Irlanda, Katalunia, Euskal Autonomia Erkidegoa eta baita Nafarroako kasuak azaldu zizkiguten, hain zuzen ere, zergak, hitzarmenak, krisia eta honelako kontu interesgarriei argi pixkat emanez. Hasiera batean soilik Nafarroako hitzaldira joan nahi nuen arren, azkenean hiruzpalau hitzaldi gogoz entzun nituen. Dena dela, esan bezala, Nafarroaren ingurukoa bereziki argigarria iruditu zitzaidan. Mikel Aranburu iruindar txistulari eta Nafarroako Foru Ogasuneko langileak esfortzu handia egin zuen munduko beste punta honetara etortzeko eta hitz errazakin Volswagen, BEZ edo IVA eta Nafarroak Madrilgo gobernu zentralarekin duen hitzarmenaren kontua ederki azaltzeko. Ni ez naiz gai berak esandakoa horren ongi argitzeko baina buruan ideia garbia gelditu zitzaidan: Hobe dugu, Volswagen enpresaren monokultiboari beste negoziotxo, enpresatxo, baratz, startup edo asmakizunarekin batekin aurre egin, bestela hauetako egunen batean Nevadako “Empire” izeneko herrian gertatukoarekin esnatuko gara. Empire, mendebalde urruneko herri aberatsa zen sustengatzen zuen Empire izeneko enpresa Txinara joan zen arte. Empirerrek berarekin sendagileak, irakasleak, dendak, haurrak eta etorkizuna eraman zituen. Gaurko egunean, Empire herria izatetik herri mamua izatera pasatu da eta pelikuletan agertzen diren sastraka horiek dira bertako oinezko bakarrak.
Dena dela, gaurko nire kontutxo hau ez nuke arazo edo etorkizun ilunekin bukatu nahiko. Horrengatik, aipatu kongresua bukatzeko ospatu genuen festatxoaren berri ere eman nahi dizuet. Hitzaldien azken egunean, partehartzaile guztiok, unibertsitateko plaza estali antzeko batera jaitsi ginen. Mikel Aranburu eta Joseba Aguirreazkuenaga aurreratu zitzaizkigun. Gu guztiok plazara sartzearekin batera txistua eta danborilaren soinu etxekoiarekin, Baztango sagar dantzarekin, zehatz mehatz, agurtu gintuzten. Une zoragarria izan zen, munduko beste puntan, Nevadan, bi aditu, artista, euskaldun hauek eskaini zigutena."
No comments:
Post a Comment